top of page

Unitatearen nondik norakoak

​   Esku artean duzun material hau IRALE programaren “Curriculumaren euskal dimentsioa” izeneko ikastaroan erabiltzeko diseinatu genuen Bilboko Artazugoikoko irakastegian. Ikastaro horren helburu nagusia da ikasketariek euskal kulturaren edukiez duten ezagutza jakitez eta trebetasun praktikoz hornitzea. Helburu hori lortze aldera, proposatu genuen Euskal Herrian barrena bidaia birtuala egitea zazpi gune ardatz harturik. Bidaia hori gauzatzeko, lau jakintza-arlo definitu genituen (Historia eta Geografia, Euskararen Historia, Egungo Literatura, eta Herri Kultura), eta gune bakoitzean laurak egoki koordinatuta jorratzeko moduan zehaztu.​

​​
    Lehenengo gunea Bilbo da, hurbilen dugunetik hasi baikara. Unitate honetan Euskararen Historia arloa Bilbon landuko dugu, eta Bilbok eta euskarak zer-nolako harremanak izan dituzten aztertuko dugu. Asko dira Bilbo aspaldidanik erdalduna dela aldarrikatzen duten ahotsak eta iritziak. Guk, ostera, jatorriz hiri euskalduna izan dela erakutsiko dugu. Horretarako, historiari errepasotxo bat eman, eta, XVI. mendean hasita, XX. mendera arteko bidaiatxo bat egingo dugu: hainbat pertsonaia, pasadizo, testu, agiri... aztertuko ditugu aldarrikapena frogatzeko. Hasteko eta sarrera gisa, Iñaki Gaminderen liburu bati erreparatuko diogu: Bilbotarron euskararen zuzuan. Egileak argi erakusten du liburu horretan gaur egun oraindik badirela Bilbon bertan baserritar euskaldunak. Beraz, pentsatzekoa da hizkuntza-transmisioaren katea eten ez bada, lehenagotik Bilbon euskaldunak bazirelako izango dela.​


    XX. mende hasierako literatur testuetan, ordea, kontrako iritzia hedatu zen: Bilbo aspalditik zegoen erdaldunduta. Noiztik, baina? Hori argitze aldera, Alfonso Irigoienen lan batzuk hartuko ditugu gidari, eta mendez mende joango garaerakusten zer-nolako presentzia izan duen euskarak Bilbo hirian.


    Metodologiari dagokionez, irakasle-ikasketarien arteko lankidetza proposatzen dugu. Irakasleak, modu magistralean aritu ordez, gidaritza- eta osotze-lana egingo du. Ikasketariek, berriz, informazioa bildu ondoren, gelakideen aurrean aurkeztuko dute. Eta horrela, apurka-apurka eta denon artean gauzatuko dugu ibilbidea Bilboko euskararen historian.​​


bottom of page